viernes, 14 de noviembre de 2008

Restart


R
osek zerbait zekiela zekienean, orri zuri baten idatzi, gutun baten barruan sartu, itxi, eta dena ahazten zuen. Dena ahaztu, ezer ez zekiela zekien arte.

Eta gauza berari buruz berriz zerbait zekiela zekienean, soilik orduan, aspaldi itxitako gutun hura irekitzen zuen.



Bere bizitzan zehar zabaldu zituen gutun gehienetako bakoitzeko, beste gutun berri bat gorde behar izaten zuen, eta dena ahaztu. Ahaztu, berriz ezer ez zekiela zekien arte, zekien hori, hain ondo zekiela zekien hori, gehienetan, idatzitakoarekin bat ez zetorrelako.

lunes, 6 de octubre de 2008

Behin entzun zion...


B
ehin entzun zion txori batek beste bati, hegan egiteko ez zirela hegorik behar. Ezagutzen zuela hego gabe geratu zen txori bat, berriz hegan egitea lortu zuela. Eta txoriak ez zuen ezer ulertzen. Bere hegoak ikusi, eta haiek gabe nola hegan egin litekeen galdetu zion bere buruari. Hala ere, buruhauste horrekin etxera itzuli eta laster ahaztu zuen egun hortan entzundakoa.

Baina urteak aurrera egin zutela, gau batean, bera ohe zen basoa sutan hasi zen. Eta osta osta bada ere, bere burua salbu jartzea lortu zuen, hortan bere bi hegoak galduz.

Negarrez eman zituen egunak hasieran, gertatutakoa sinistu ez nahirik. Baina goseak, bere hankak sarriago erabiltzen ikastea erakustarazi zion, eta poliki poliki, hegoak berriz ez zirela bueltatuko bereganatzen joan zen.

Horrela, egun batean, mendi oso garai baten gailurrera oinez heltzea lortu zuela, igondakoa ikusi nahirik, ertzera urbildu zen. Eta behin entzun zion txori batek beste bati, hegan egiteko ez zirela hegorik behar. Eta orduan bai, orduan dena ulertu zuen.

lunes, 22 de septiembre de 2008

Gorriz margoztutako hegoak


Negar malkoak ziren bere aurpegiko azala aspalditik. Negar malkoak, nahi baina ezin izanagatik. Negar malkoak, alegia... aldatzeko indarrik ez izateagatik.

Eta egia esan, bizi guztia zeraman txori hark amildegitik behera, lurrera noiz heldu eta itotzen zuen sufrimendu horrekin bukatzeko zain. Baina sasi artean, lore batek hazi zuen. Esnatu bezain laster txoria ikusteko irrikaz zegoelarik, egun latz eta euritsuak baztertu eta hura aurkitzeko zeruari sua emanez mundua osoa argitzen zuen lorea. Eta hain zen handia lore harekiko txorian sortu zen maitasuna, goizargi oskarbi batean preso zuten sasietatik askatu, hegoak zabaldu, eta berarekin bat egiteko helburuarekin aireratzea lortu zuela.


Eta berriz ez itzultzeko erabakia hartuz, mundua estaltzen zuen oihalera heldu zen. Eta han, mila koloreko gaua ikusteko gai zelarik eta izarretatik haruntz bere amets ezinak betetzen hasi zirelarik, beldurrak erre eta hautsetik bizi berri bat eraiki zuen.

Eta horrela, goiz argi eta gau hotzetan, eman zituen egunak txori txikiak. Beti ausardiaz. Jada ez zen lore horrek ematen zion argiarekin eta berotasunarekin konformatzen, berarekin bat egin nahi zuen. Eta oraindik, berarekin egoteko nahiko falta zitzaionez, lehertuta erortzen zen maiz. Baina aspalditik oihutata bakardadean bizitzera, beste txoriek inoiz zapaldu ez zituzten lurraldeetan landatzen zituen bere fruituak. Eta hazitik, itxaropenak loratuz, bere erabakietan sendo aurrera jarraitzeko indarrak berreskuratzen zituen. Eta berriz ere izarren artean dantzatzen zuen. Eta berriz ere, hegakada bakoitzetik sortutako urrezko uhara bat atzean marrazten zuelarik, gauaren ertzeraino iristea lortzen zuen.



Baina urteak aurrera jarraitu zuten, eta txori txikia jada txori zaharra zen. Bidaia gero eta zitzalagoa bilakatzen zitzaion, eta hara eta hona bultzatzen zuten haize korronte bortitzen arteko borrokek, izpika, bere hegoak urratzen zituzten. Ostera, bere bihotzeko lorea oso urbil zegoen, eta bertara heldu baino lehen atzera begiratzea erabaki zuen, bere bila emandako urte guzti haiek merezi izan zuten egiaztatzeko. Eta txori xeheak, bertan ikusi zuena, une jarki eta eztiz osotutako urteak baino ez ziren izan, nahiz eta benetan sufrimendu askoko gau hotzak ere bizi izan zituen.

Eta oroitzapenak hegapean
, gogor eta kementsu, hego xumeak biziki astindu eta hain ubil zegoen bere lorearengana abiadura bizian abiatu zen. Begiak itxita, loreak igortzen zuen izpiek itsutu egiten zutelako. Eta ia arrastaka, bere bi hego leunak sutan hasiak zirelako jada…

Eta lore handi horren ondoan zegoela, bere hogei mendeko bidaia bukatzera zihoala konturatu zen, hainbeste maite zuen lore horrek, nahigabe bazen ere, bere azken arnasa laster agortuko ziolako. Baina txoria inoiz baino zoriontzuagoa zen,

azkenean eguzkiarekin bat egitea lortzera zihoan

jueves, 4 de septiembre de 2008

Rose 64


Demagun mundu bat, soilik gauez bizi den mundua (aukeratzekotan nahiago dut horrela). Demagun pertsonak direla mundu horretan, gutxienez, istorio txiki hau kontatzeko behar ditudan beste. Demagun baita, mundua ta bertako guztiak, ni barne, pertsona konkretu baten inguruan gabiltzala biraka, istorio txiki honetako protagonistaren inguruan hain zuzen. Demagun soilik protagonista honek duela izena; Rose. Ta besteok soilik zenbakiak garela (nirea 64 izango da). Demagun istorio txiki honetako zenbaki guztiok dakigula nor den Rose, sarri edo noiz behinka, berarekin hitz egin edo hitz egiten dugulako.

Inork ez du Rose ezagutzen

Ez da suposizioa, izatea da. Denok dakigu nor den Rose, baina inork ez du guztiz ezagutzen. Nik adibidez... soilik Rose 64 ezagutzen dut.

Orain demagun berriz, istorio txiki honetako mundua, lurra dela, eta bertako guztiak, Rose deitzen garela, gure inguruan biraka daukagun zenbaki bakoitzeko...
aurpegi desberdin bat gordeta daukagularik

miércoles, 3 de septiembre de 2008

Gaur zerua guretzat


M
amuak urduri daude.

Gaur bere oihalen artean gabiltza

eta eguzkia?
eguzkia izoztuta dago!
gaur bere beroa hemen da


Bakardadea haserre dagoela dirudi.
Gaur ez dauka ikuskizun hontarako sarrerarik

eta izarrak?
izarrak ere haserre daude
baina berdin da!


gaur zerua guretzat...

sábado, 30 de agosto de 2008

Gera gaitezen geldi


Gera gaitezen geldi
isiltasuna onirizten...
bertan ez da abesti ilunik
ez melodia goibelik

jueves, 28 de agosto de 2008

Hain argia zen eguna...


H
ain
argia zen eguna...
gaua asmatu genuela
ta goiza sutan esnatu zen!
zeru osoa orbainez zuela